EDITO - 25 URTE à ITSASUN

Izan ! Erran ! Sortu ! 

1996ean, Errobiko Festibalaren lehen egunean, ezin ginuen asmatu nolako animaleko abentura hasiko zela. Iparraldea 10 urtez edo gehio Iparraldea gure sorkuntza lanekin irauli eta gero, Uzesteko experientzia harriagietaz elikaturik, Europako eta afro amerikar jazzmen eta Nancyko free rocker ekin musika jo ondotik, Artze ainaien eta Laboaren bidea segituz, Iparraldean arte-bizien aroztegi baten sortzeko beharra sentitu dugu.

Sorkuntzaren aroztegi bat, gure kultura eskualdunaren bizitzeko, hazteko… munduko beste kulturekin harremanetan. Itsasun gauzatu dugu gure ametsa, Eskual Herriaren bihotz taupadak sentitzen diren herrixkan, nun mendiak jalgitzen diren Errobiko ibarran, haien herria eta lurra maite duten eta bere harmonia eta edertasunarentzat borrokatzen diren herritarren lekuan. Mundu zabaleko zonbat artista Itsasurat jin dira gure albora!! Elgarrekin, publikoarekin, eztabaidatu, jo, kantatu dugu… eta memento bakanak bizi !

Gaur egun, naturarekiko gure oreken hauskortasuna erakusten duen… gure lanbideak, pasioak zauritzen dituen eta gure esperantzak, gure biziari sentsua emaiteko nahiak desafiatzen dituen Covid aren kudeaketa horrekin, segitzen dugu !

Gaur egun, festibalaren sortzaileen inguruan, horrekin haunditu diren artistek ber-asmatzen dute haien energia eder eta ideai berriekin. Eta… badakigu hor dela, berak une paregabe horiek amestu eta bere indar guziekin eraman dituena… hor da gure bihotzetan, bere indar eta argiarekin : Maite Achiary-Etchemendy. Errobiko Festibalaren 25. edizio hori eskaintzen diogu !

Bai, orain nehoiz baino gehiago, Izan ! Erran ! Sortu!

Hitzordua Itsasun… Ongi etorri deneri !

                                                                                                                                                                                              Beñat Achiary

AUZAPENAREN HITZA

Ezkandrai elkarteak mende laurdenez ospatu du Errobiko Festibala Itsasuko herrian. Bestebehin, mendia, denbora, ibaia eta herriaren xingolak zintzilikatuko dira Atharriko plazan uda beteko asteburu betez.

Oroituko gira urteroko hitzordu hunen eraikitzaile balios eta suharraz. Itsasuko herriak eta Errobiko Festibalak elgarrekin alaba kuttuna izendatu behar zintuzkete zu Maite. Gure artean zaudela aholkulari eta zaindari.

Eta goazen bideari. Artista guzien eskuak,ezpainak eta hankak loturik eta ixilik eta geldirik egoiten behartu dira hainbeste ilabetez. Sorkuntza guzia etzanik eta antzu egon da. Bihotzek danba danba hatsa berritz abiatu arte jarraiki dute hil bizirik.

Iritsi da aro berria, altxatzen ari da iguzki gorria. Munduko oihartzun guziak entzunen dira Atharriko zelaitik. Atalaiatik bezala, alagi berdeen, zuhaitz ilunen eta mendi tontorren itsasoari, ixuriko zaizkio lagunen solasak, altxatuko dira abestien eta olerkien hitzak, zabalduko dira soinujoileen musika guziak uhainez uhain. Alaitasuna eta Euskal Herria dariotela gure harriek, gure zuhaitzek eta gure gogoek.

Zabal eta gora doatzila aurten ere gure plazatik herriko eta munduko hitzak eta abotsak, txori kantak, bihotz ilun eta airos guzien doinuak.

                                                                                                                                                                                       Mikel Hiribarren

ESKERRAK...

Denentzat latz eta akigarri izan den urte huntan, eta bereziki kulturaren eta elkarteen munduan, bihotzetik eskertzen ditugu Errobiko Festibalaren 25. edizio horren gauzatzen lagundu gaituzten guziak.

Haien barne, diru languntzak berritu dituzten erakunde publiko eta pribatuak, Kontseilu Orokorra, Akitania Berriko Herrialde Kontseilua, DRAC- a bai eta ere Euskal Kultur Erakundea eta Malandain Ballet Biarritz-a.

Urtero bezala, esker beroenak Itsasuko Herriko Etxeari bere sustengu eta laguntzagatik gure alboan, gomitari erantzun dioten artista liluragarriak, eta festibalari bizi emaiteko hainbat denbora eman duten laguntzaile eta teknikarieri.

Milesker deneri !

Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou