ERROBIKO FESTIBALA 2024 ITSASUN

EDITO : "BESTELAKATZEAK"

Harriak durundan Itsasun.

Hasteko, Atekagaitzeko arroiletako arrokak. Han barne, Errobik bere bidea zizelkatu du. Treina pasatzen delarik, erroten mailukada errailen gainean : orduan, iratze luzeetan zehar pottoka saldo baten galoparen zalaparta orroitarazten dauku,  ez bada Errolanen zaldiaren pausoa.

Ondotik, Itsusiko amildegi ikaragarrien harriak. Oihartzunaren bidez, denborak luzaz higatu duen harearriak, kantua luzatzen du, saien kuriostasuna piztuz.

Metropolen azantza gorgarriatik urrun, isiltasunak ere kontrasteak biziarazten ditu. Mehatseko lepoko haizearen fereketatik, belaunaldiz belaunaldi Itsasuarreri errebote, trinkete edo ezker-paretek arra-botatu deizkieten piloten klasketaraino.

Harriak durundan Itsasun. Arroztegia gogoarazten daukute. Eta uztail oroz Errobiko Festibalak sorkuntza artistikoaren su bolkanikoa pizten duelarik, Itsasu, “arteen aroztegi” bilakatzen da, bestelakatzeen tenploa.

Atharri gure olaren izena dugu. Urtero 1996-etik, bortuka joaiten diren artzainak bezala, etenik gabe bere burua ber-asmatzearen beharraren ospakizunera gomitatzen zaitugu. Ber-asmatzea, sustraiak garatuz, ber denboran, lur eta zeruetan barne. Urtero, esperientzia proposatzen dautzugu.

Urtez urte, Errobiko festibalak bestelakatzen gaituia ?

“Bestelakatzeak” ditugu aurtengo gai. Kontzertu eta ikusgarri xoragarrien bidez, dantzaldi eta solasaldien bidez, bihotzak eta gorputzak zabalik, hiru ardatz zizelkatuko ditugu.

Lehenik, iniziazioarena : bakean eta harmonian transmititua, edo haustura, kaska eta oldartze iturri… lur emankor batetan ereinitako hazia da.

Bigarrenik, sendaketarat Goratzea, “Senda-Xenda” : prozesu “alkimiko” batetan, lurraren barneko iluntsasuna behar-beharrezkoa da argiruntz altxatzeko. Arteak, haziari bere bizi-iturria jalgiarazteko beharrezkoa zaion berotasunaren iturri izaiten ahal direia ?

Hirugarrenik, Mutazioa : krisalida bezala, mutatzen ahal gireia, gure nortasuna galdu gabe, bainan alderantziz transedantzia lortuz, pinpirin bilakatuak, airatuz ? Kantua eta dantzaren bitartez, ikusten dugu nola gizakiak dirdiran sartzen diren!

“Itsusi”, “Atekagaitz”… izen ikaragarri horiek dituzten lekuek, bai eta ere zeruetan hamarnaka inguruka ari diren saiek, Itsasuren berezitasuna egiten dute, eta gizakiaren izate iragankorra orroitarazten. Orroitarazten daukute ere, nola noiztenka, gure hertzetatik haratago joaiteko beharra dugun… egiten, moldatzen eta hontzen gaituzten elementuekin bat egiteko, alkimia osoan.

Bestelakatzea, arrotza bezala, arranguragarri izaiten ahal da, bitxitasunaren alderdi argi eta ilunak bezala. Ohar zite, arrotza eta arotz askatzailearen desberdintzeko, ez dela gauza handirik!

Itsasuko Arteen Aroztegian elkar giten, ongi etorri deneri!

Ezkandraien ordezkari, Julen Achiary, festibalaren zuzendari artistikoa.

AUZAPEZAREN HITZA

Inprimategirat doatzilarik lerro hauk, egun guti  falta da Frantziak behartzen daukun diputatuen bozkaldia aintzin.

Gertatua gertatu, eskuin muturreko alderdiek eta ideologiak gutienez plazak irabaziak izanen dituzte, boterearen gehiengoa ardietsi  izan edo ez. Dena edo asko aldatzen ahal da epe laburrerat eta luzerat, besteak beste, kulturgintzarentzat, sorkuntzarentzat, artisten munduarentzat.

Barka hain ilun eta arranguratsu agertzeaz. Plazak, pilota plazak eta herriko plazak dira gure herrietan bizi sozialaren ardatz eta gailur. Nahi ditugu luzaroan kantuaren, dantzaren eta musikaren baratze, nahi ditugu sekulakotz artisten ikuspegi zirikatzailearen eta adierazpen librearen zelai, nahi ditugu euskararen garapenaren harrobi.

Harria landuko du zizelkariak Errobiko Festibalean Euskal Herriko eta munduko herrialdeen musika eta kanta oihartzunek arnasturik. Zutituko dugu herritarrek udazkenean artistak festibalaren labean bestelakatu duen harria. Harri hau geldituko da gure askatasun minaren zutarri, geldituko da gure elkartasun gosearen deikari, geldituko da gure zuzentasun egarriaren beilari.

Aintzinetik goresmenak Atharriko plazan agertuko diren artista orori, eta eskerrak hurbilduko diren herritar eta euskaldun guziei, lehentasunez adierazi nahi baitugu plazak gureak direla, herri bihotz eta herri abots.

Mizel Hiribarren, Itsasuko auzapeza

ESKERRAK...

Ezkandraien partez, bihotzetik eskertzen ditugu Errobiko Festibalaren 28. edizio horren gauzatzen lagundu gaituzten guziak, bai eta ere gure kide historikoak, urtez urte abentura hori sortu eta segitu dutenak.

Haien barne, diru languntzak berritu dituzten erakunde publiko eta pribatuak, Kontseilu Orokorra, Akitania Berriko Herrialde Kontseilua, DRAC- a bai eta ere Oara, Euskal Kultur Erakundea, EHE,  eta Malandain Ballet Biarritz-a.

Urtero bezala, esker beroenak Itsasuko Herriko Etxeari bere sustengu eta laguntzagatik gure alboan, gomitari erantzun dioten artista liluragarriak, eta festibalari bizi emaiteko hainbat denbora eman duten laguntzaile eta teknikarieri.

Milesker deneri !

Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
logo Oara
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou
Errobiko Festibala - Itxassou