Izar kreolen azpiko erreka-herria
Zonbaitetan, gertatzen da festibal batek, festibal izaiteari uztea, munduko harrabotsaren erdian urharte ttipi abegikor bat bilakatzeko. Untzi bat. Mahai bat. Herri bat.
1996-eko uda. Itsasuko medien maxeletan, oroimenaren zaindari Elizaldiako haritzen itzalaren babesan, Atekagaitzeko arroilen eta Errobiren ur lasterren artean, Urzumutik Atlantikoaz haratago ortzimugak idekitzen diren leku hontan, Euskal artista saldo ttipi batek abentura ezinago berezi bat amestu zuen : ikusgarri segida hutsa izanen ez zen festibal bat sortzea, bainan bai elgargune bat. Gogoetarako, sorkuntzarako eta harremanetarako leku bat. Erroak lurrean barrena sendoki ukaitez, munduari so egiteko leku bat, harekin pentsatzeko, eta huraren gomitatzeko.
Errobik Nafarroako mendietan ditu bere iturriak. Itsasun hartzen du bere azken oldarra, oroimenak zeharkatuz itsasorantz abiatzeko. Haren gisan ikasi gugu nabigatzen, ibaiadarrak biltzez, botzak hartzez. Ikasi dugu errekak bezala, kulturak ere ez direla bakarrik bizi eta nortasunik ez dela bizirik irauten gotorleku bilakatzen denean. Itsasutik partituz, beste itsas-bazterretarat joan gira, kontakizunez, musikaz, olerkiz eta aurpegiz beterik itzultzeko. Zeharkaldi bakotxak gure mundua pixka bat handitu du, bere uhartedi polifoniak ehutuz.
30 urtez, Errobiko Festibalak xume-xumeki saiatu du horren egiten : kultura desberdinak hein berean elkartuko diren lur abegikor bat asmatzen, nagusitasunik eta merkatuaren legeen menpekotasunik gabe. Leku hortan, kantuak ez dira apaingarri, bainan munduan bizitzeko molde bat. Leku hortan, persekutatuak diren hizkuntzak ez dira hondakinak, bainan bai iturri biziak. Leku hortan, artea bizitzaren parte-oso loratzen dira.
Geroztik, zonbat bide ez dugu egina! 30. edizio hau iturrien eta ortzimugena izanen da : Euskal Herriko mendietatik uhartedi kreolen itsasbazterretaraino, Georgiako polifonietatik ur gezen jainkosa den Ochun-i eskaini kantu afrobrasildarretaraino.
1996-eko uda hartan amets hutsa, xuxurla doi bat baizik ez zen abentura hau asmatu zutenengana itzuliko gira. Hastapeneko oroitzapenak deituko ditugu eta gure baitan oraino dirdiran diren galderak entzunen : zentako festibal bat ? Oraino behar ote duguia ? Mundua aldatzen ez badu ere, festibal bat mundu bilakatzen ahal dea ? Zoin ortzimuga zabaltzen zauzkigu, heldu diren 30 urteentzat ?
Galdera horiek, erantzun berezia dute gaur egun : nonahi, menderakuntza moldeak, nortasunaren inguruko hertsadurak, diskriminazioak, gerlak, kolonizazio zahar eta berriak, kulturen berdintze bortxatua eta biziaren suntsitzea, hedatzen dira. Horren parean segitzen dugu sinesten behar-beharrezkoa dugula sorkuntza, gogoeta aske eta partekaterako guneak izaitea.
« Erresistitzea sortzea da. Sortzea erresistitzea da. » — Stéphane Hessel
Arteek ez dute mundua hek-bakarrik aldatzen, bainan bai munduan bizitzeko dugun manera. Irudimenak askatzen dituzte. Maitasuna sortzen dute. Kantuaren eta elkartzearen bidez erresistitzen dugu.
Eta zonbat lagunekin elkatu giren bidean ! Poeta, filosofo, dantzari, musikari, ameslari, iraganaren eta etorkizunaren arteko bideak eraikitzen dituztenak… Emazte, gizon, bakotxa bere lurrarekin, bere hizkuntzarekin, bere historiarekin jin dena, Itsasun inkarnatzeko. Orok, bestelakatu gaituzte. Horien artean, Édouard Glissant ezagutzea fundamentala izan zen. Aspalditik bizi ginuenaren izendatzeko hitz egoki eta ederrak eskaini zauzkigun. Harremana, Kreolizazioa, Uhartediak. Geografia-poetiko hontan, elgar hunkituz eraldatzen diren munduen edertasuna loratzen da, nun bakotxak bere nortasuna ez duen ahultzen, bainan alderantziz aberasten. Geroztik, uhartediz uhartedi nabigatzen ikasi dugu eta zeharkaldi bakotxan, gure mundua zabaldu da, mila kolorez ehutu.
Egia erran, ez ditugu gure buruari pausatu galderen erantzun guziak, bainan arbasoek erakatsi daukute zerbait bizirik egoiten dela haritz baten itzalean solasten dugularik. Georgiarrek erakatsi daukute maitasuna sortzen dela mahain baten inguruan kantatzen dugunean. Horregatik, aurten amarrak askatuko ditugu besta apaitu haundi batekin, “supra” batekin. Eta kantatuko dugu! Gaua ilunaren erdira abiaturiko untzi baten gisan, eguzki itxuran antolatu mahainen inguruan bilduko gira : bizi direnentzat eta joan zauzkigunentzat. Arbasoentzat eta helduko diren haurrentzat. Ahanzturaren kontra xutik dirauten hizkuntzentzat. Mendeak zeharkatzen dituzten kantuentzat. Suntsitzeari uko egiten dakuten herrientzat. Orduan, Édouard Glissant-en hitzak gugan barna iraganen dira : « lehen aroen orainatzeaz dardarka gabiltza ».
Maiteri, Pedrori, gure basoak altxatuko ditugu !
Botz batzu urrundik jinak ziren. Beste batzu aldiz, hemen sortu. Zonabit, isildu dira. Alta, anitzek gurekin segitzen dute, Haize Hegoak kulunkaturik kantuz ari diren zuhaitzen hatsaren bidez, mendietatik oldartu errekaren burrunbraren bidez, gure haurtzaroko oroitzapen goxoen bidez. Edizio berezi hau etxe hau eraiki duten guzieri eskaintzen deiogu. Gure artean ez diren bainan gure nabigazioak argitzen segitzen duten guzieri : horien artean, Maite Achiary-Etchemendy, bizi osoan engaiamendu feminista, humanista eta artistikoaren lemazain. Eta Pedro Soler, betiko laguna, bihotz ezinago sensible musikaria, izpiritu bihurriko poeta. Bere musikak eta bere irriak gurekin diraute oraino, bide bazterrean sua bezala. Haiek guziak gurekin izanen dira mahainaren inguruan, kantuen artean, oroimenen artean, argizagi xuriaren pean.
Eta gaur abentura bizirik atxikitzen dutenentzat, eta bihar haren garra segituko dutenentzat, 30. aldiz Orro eginen dugu :
Nordesteko danborrak lur gorritik altxatuko dira, metalezko haizeek belak ilargirantz ufatuko dituzte, suek munduen arteko bideak zabalduko dituzte eta gorputzak dantzan ariko dira caboclo de lança misteriotsuaren inguruan, beti berri den zeharkaldi zaharran. 30. urte ez bait dira helmuga, ez eta ere bururapena, baizik eta etapa, eskala bat, gure itsasaldiko geldialdi bat baizik.
Eta elgarrekin iraganen ditugun ehun horien ondarrean, azken txinpartak Atharriko zeruetarat iganen direlarik, behin azken aldiz begiak altxatzen baditugu izarretarantz eta Itsusiko sai hegalaldietarantz, beharbada ikusiko dugula 30 urtez amestu duguna : elkarri loturiko ahotsen izartedi hauskorra. Harremanetaz ehutu uhartedia. Ilargiaren argipean herri bilakatu den festibal bat. Errekaz eta izarrez osatua, kantuz, hizkuntzez, oroimenez eta abegikortasunez osatua. Errobiko Festibala, gure herri iragankor, uhartedi, ametsa.
— Julen Achiary