30. orroa
Uhartedi kreolen izarren pean
Hogeita hamargarren Errobiko festibala jadanik bururatzen da !
Ordua heldu da : garren, txinparten eta su jauzkarien kantuarena ! Suak makil dantzarien golpez jo larruak tinkatu ditu, eta ilargirantz airatu kobreak gori-goritu.
Atharri da gure olha, bainan munduarekin dugu gogoetatzen.
Brasileko Nordeste sakonetarik heldu dira Fawzi Berger-ek ehutu perkusioak : aspaldiko taupadak, pulsazio natibo eta afro-ondokoak, izarreri eskaini kantuak, bizi direnen biltzeko deiak. Lurra gorria da.
Raphaël Quenehen-en kobreek, airea urratzen dute harraparien gisan, eta oihuz hasten : haize eta bele guziak belatan ! Paxkal Indoren suek berriz, gauaren, izarren eta argizagiaren arteko xenderak zabaltzen dituzte.
Erdian, « caboclo de lança » misteriotsua aintzinatzen da, hura, Brasileko ihauteri herrikoien izaki misteriotsua. Irudimen kreolizatuen mila kolorezko zaindari, sakratua eta herrikoia elgarrekin dantzan jartzen ditu. Inguruka, festibaleko artistak dabiltza : ahots, kantu, berriz-kausitu dantza urratsek xoratzen gaituzte. Erroak alai eroturik, gau baten denboran, hertsitzen gaituzten harresi eta kateak gaindituko ditugu.
Bazizte, bagira, badira behin amestu, kantatu, dantzatu duten guziak. Besta hori ez bait da karrika-inguru bat. Bainan bai zeharkaldi bat, erroak sakon dituzten hats kreolen eta danborren erritmoek daramagaituzten zeharkaldi bat.
30 urte, jadanik! Haatik, argiaren, ahizpatasun bihurri eta otzangaitz horren beharra beti gurekin dugu, ideologia kolonizatzaileen gosearen parean. Zeharkaldi hori eskaintza bat dat : gauaren edertasunari, behin Errobiko Festibala asmatu duteneri, hil direneri bizi direneri eta amestu dugun bide hori ainitzina eramanen duten guzieri eskaintzen diegu.
- Fawzi Berger — perkusioak
- Raphaël Quenehen — kobreak
- Paxkal Indo — suak
- Fabrice Vieira — gitarra
- Ikastaldietako musikariak eta dantzariak