© Clara ClausErrobiko Supra
30 urteen afari alaia
Agape kantatuakErrobiko Festibalaren 30 urteen besta apairua gure oihalezko goeletaren bihotzan iraganen dugu. Mahainak eguzki baten gisan altxaturik, mendi eta munduen barneko itsashertzen artean.
Otoruntza, gaua elgarrekin zeharkatzeko itsas-untzi bat hartzen baginu bezala : Atekagaitzeko arroiletarik, Errobik oraino ur-lasterren oldarran daraman lekutik, gure lagunak, zubigileak eta ameslariak gomitatzen ditugu, hiru hamarkadaz maite izan ditugun uhartedietara buruz elgarrekin nabiga dezagun.
Georgiarrek erakutsi daukute ogia eta arnoa ez direla aski : hitza ere xutik eraman behar dela. Gure aintzinetik ibili direnentzat eta helduko direnentzat, bizi direnentzat eta joan zauzkigunentzat, herri menderagaitzen zintzurretan oraino dardaran dirauten hizkuntzentzat. Orduan, « supra »-ren denbora etorriko da, gure gauak argitzen dituen argizagiari eskainia. Basoa hogeita hamar aldiz altxatuko dugu, iragan diren hogeita hamar edizioen omenez. Hogeita hamar molde, elgar lotzen gaituen hari ikusezina eskertzeko. Hogeita hamar molde elgarte osatzeko, barreatuak diren botzak berriz uztartzeko, ahanzturari uko egiten dakon ororen ospatzeko eta kantuaren bidez maitasuna bizitzeko.
Zeren, mahainaren bihotzetik kantuak jalgiko dira, urruneko lurraldeak ahizpak balira bezala besarkatuz, eta dardaraz behatuko ditugu.
Georgiako polifoniek lehen garaietako arraildurak idekiko dituzte.
Bulgariako botzek uhainka deituko dituzte Itsusiko arroilen saiak.
Euskal kantuek oroitaraziko daukute ahanzturari buru egiten dakon hizkuntza bakotxak, gizadia haunditzen duela.
Txalapartaren zurak kantatuko du, suaren eta uraren zaldi lasterraldian, erori diren zuhaitzek ere munduaren bihotza taupadatzen segitzen duten moldearekin.
Risa Nagahamaren sukaldaritza eskaintza baten gisan jinen da : arimaren botzak, kantua eta sukaldaritza bestelakatzez batzen diren leku hartarik. “Oborozuki” : hodei fin batek estalti argizagiaren gostu iheskorra.
Clara Clausen eskulturek gure bihotz sentikorren apairuak deituko dituzte. Materia eta kolore gormandizek beste egarri bat -sakona dena-, eta beste gose bat -bukaezina- aseko dituzte. Goiz guziz, bere aita Pedro Soler-ek arreta haundiarekin fruitu-entsaladak prestatzen zituen… Mahaitara liluragarri horren kari, ohoratuko ditugu.
Bainan gau hartan, ez da urtebetetze baten ospatzea baizik izanen. Lur abegikor baten hitzeman hauskorra atxikitzea izanen da : kulturak hetsi ordez, parez pare elgarri buruz elkartzen diren lur bat.
Mugetan baino, harremanetan sinestea izanen da.Irudimenen kreolizazioan sinestea, inperioen gotorleku eta harresien baitan baino.
Bakean sinestea. Ez gerlak pizten dituztenen ele huts eta ozenetan aldarrikatzen den bake batean, bainan mahain inguruan, kantuaren, elgar-behatzearen, partekatzearen bakean.
Ez ditugu ahantziko isilaraziak, zapalduak, suntsituak izan diren herriak. Ez eta ere, hizkuntza debekatuak, genero baztertuak. Ez eta ere, kolonizazioek ezabatutako oroimenak, baztertuak, suntsituak izan diren gorputzak eta arimak.
Ahots bat ixilarazten den aldi bakotxan, mundu bat hiltzen da.
Ahots bat berriz kantuz hasten delarik, mundu bat arrapizten da. Oroimenetik salbatua den kantu bakotxa, transmititzen den olerki bakotxa, zapalkuntaren erdian dirauen hizkuntza bakotxa : hauek dira gure ezinbestezko garaipen ttipiak.
Orduan janen dugu.
Kantatuko dugu.
Basoak altxatuko ditugu.
Eta argi dardarek argitu aurpegi-bihotz guzi horien gainean, arauz irakurriko dugu : zonbaitetan, festibal bat herri bilaka daitekeela.
Menua : Arimaren botzak, kantua eta sukaldea elkartzen direlarik
Hastapena : Uhartedietako espeziak
Gizonak haien gutiziarik sakonenak pizteraino liluratu dituzten espeziak.
Gaur mahain beraren inguruan bilduko ditugu, maitasun bilaka daitezen, eta lau plateretan elgarri eskainiko.
Mahianaren bihotza : Elgartea
Hemen sortzen dira Errobikon
Elkartzen gaituzten irri
Eta beroa.
Berriz atzeman dezagun etxeko zapore ezaguna; bihotza goxatzen duen gostua, partekatuz are aberatsago bilakatzen dena.
Azken eztia : Pedro Solerri omenaldia
Une iragankor bat. Oborozuki.
Hodei fin batek estalti argizagiaren gostu iheskorra.
Begiek neurtu eta harrapaezina.
Argi xuri, ezti lambrotsu bat baizik ez da iragaiten bi munduen artetik.
Nigarraren eztizko pindarra.
- Clara Claus — artista plastikoa
- Risa Nagahama — sukaldaritza-esperientzien sortzailea