
Errobiko Supra
30 urteen afari alaia
Oturuntza animatuaErrobiko Festibalaren hogeita hamargarren urteurreneko oturuntza mahai paratuen eguzki bat bezala izanen da, mendien eta munduetako barne-itsasbazterren artean, gure karpa-goeletaren bihotzean. Oturuntza bat, ontzi bat bezala, gaua elkarrekin zeharkatzeko: gure adiskideak, zubigileak eta ameslariak gomitatzen ditugu, Atekagaitzeko arroiletatik — han ibaia oraindik uharraren indarretik hurbil baita — hiru hamarkadaz maitatu ditugun artxipelago horietarantz abiatzeko. Georgiarrengandik ikasi dugu ogia eta arnoa ez direla aski: hitza ere zutik eraman behar dela, kopak altxatu behar direla gure aitzinean izan direnentzat, gure ondotik etorriko direnentzat, hildakoentzat, bizientzat, eta herri menperaezinen eztarrietan oraindik dardarka ari diren hizkuntzentzat.
Orduan etorriko da supra, gure gauak argitzen dituen ilargiari eskainia.
Hogeita hamar topa, hogeita hamar ediziorentzat.
Hogeita hamar manera eskerrak emateko lotzen gaituen horri.
Hogeita hamar manera komunitatea egiteko, barreiaturiko ahotsak berriz elkartzeko, ezabatzeari oraindik aurre egiten dion hori ospatzeko, eta maitasuna kantuaren bidez bizitzeko.
Mahaiaren bihotzean, kantuak sortuko dira, urruneko lurraldeak bezala, bat-batean elkar ahizpa direla oharturik. Eta entzutean dardaratuko gara :
Georgiar polifoniek lehen garaietako arrakalak irekiko dituzte.
Bulgariar ahotsek Itsusiko harroketako saiak uhinka deituko dituzte.
Euskal kantuek oroitaraziko dute ahanzturari aurre egiten dion hizkuntza bakoitzak gizadia handitzen duela.
Txalapartaren egurrak mintzatuko dira: suaren eta uraren zaldiketa bat, eroritako zuhaitzek, hala ere, munduaren bihotza taupadaka atxikitzen segitzen dutela erakusten duten manera horretan.
Risa Nagahamaren sukaldaritza eskaintza baten gisan etorriko da, arimen eta lekuen istorioei bezainbat zapore fin eta delikatuei adi: partekatzean, keinu zehatz bat, zaporearen oroitzapen bat eskuaren ahurrean pausatua.
Clara Clausen arte plastikoek mahaiari bere forma sentikorrak emanen dizkiote: eskuek eta erabilerek biziarazitako objektuek badakitelako harrera egiten, badakitelako transmititzen.
Gau hartan, ez da soilik urteurren bat ospatzea izanen. Lur abegitsu baten promesa hauskorra atxikitzea izanen da: kulturak ez daitezen hetsi, baizik eta berdintasunean elkar topa daitezen.
Harremanean sinestea izanen da, mugan baino gehiago; irudimenen kreolizazioan, inperioen harresi eta gotorlekuetan baino gehiago.
Bakean sinestea ere bai — ez gerrazaleen hitzaldietan aldarrikaturiko promesa huts gisa, baizik eta mahaiaren, kantuaren, entzumenaren eta partekatzearen praktika gisa. Ez ditugu ahantziko zapalduriko herriak eta hizkuntzak, ez eta kolonizazioek zanpaturiko memoriak ere. Ez ditugu ahantziko inperialismoek isilarazi nahi lituzketen ahots horiek guztiak.
Izan ere, memoriak salbaturiko edo sorkuntza errotutik sorturiko kantu bakoitza, transmitituriko edo asmaturiko poema bakoitza, zapalkuntzaren gainetik mintzaturiko hizkuntza bakoitza, jadanik garaipen bat da ezabatzearen aurka, espezieen eta kulturen desagertzearen aurka.
Orduan janen dugu.
Kantatuko dugu.
Kopak altxatuko ditugu.
Eta argi dardarkariak argituriko aurpegi-bihotz horietan, beharbada hau irakurriko dugu : festibal bat batzuetan herrialde bihur daitekeela.
- Clara Claus — artista plastikoa
- Risa Nagahama — sukaldaritza-esperientzien sortzailea