Joan eduki nagusira
SOLASALDIA – HIRUGARREN GELDIALDIA© Maître Poule Bleue

SOLASALDIA – HIRUGARREN GELDIALDIA

“Sortzea erresistitzea da, erresistitzea sortzea da” – Zer ortzimuga Errobiko Festibalarentzat?

OR · 14:00 · ZABALOA

2021-ean, Maite Achiary Etchemendy gure lehendakari historikoa, joan zitzaigun. Harekin batean ez dira desagertu, haatik, urte luzez Errobiko Festibalaren baitan erein izan diren galderak, ametsak eta engaiamenduak. Arteez eta kulturaz bezain, munduaz eta gizarteaz axolatua zen Maite. Betiko feminista zen, eta hari zor dakogu, oholtzaren gainean emazteen presentzia eta hitza hastapenetik festibalaren bihotzean ezarri izana. Gaur egun, ondare hori festibalaren nortasunaren parte bat da.

Gure ondareak ez dira baizik artistikoak. Badira hizkuntzek utzi aztarnak, pentsamenduek ideki bideak, topaketek sortu adiskidantzak. Badira urte hauetan gurutzatu ditugun botzak eta bazterrak ere. Horien artean, Édouard Glissant-ekin izan topaketak argi berezi bat ekarri zaukun. Harremanaren indarraz mintzatu zaukun, erroak eta nortasuna galdu gabe mundura zabaltzeko moldeez, eta elkarren beharrean diren ugartez osatutako mundu baten ehutzearen beharraz.

“Sortzea erresistitzea da. Erresistitzea sortzea da.” Stéphane Hessel

Gaur aldiz, haize beltzaren hotsa. Nortasunaren izenean bazterrak hasten dira eta harresiak altxatzen; herra hedatzen da, kulturak eta hizkuntzak ahultzen, biodibertsitatea eta bizidunak desagertzen. Mundua gero eta gehiago uniformisaziora eta merkatuaren neurrira moldatzera doala iduri du. Eta artea bera ere, zonbaitentzat tresna bilakatu behar litzateke: meneko, otzan, erabilgarri.

Testuinguru hontan galderak pausatzen ditugu, ortzimugari so: zer gero festibal horrentzat? Eta zentako festibal bat? Zentako holako engaiamendu bat? Zoin da artisten kargua gizartean, eta zoin forma artistiko garatu behar ginituzke? Zoin indar ukaiten ahal du oraino, hain ttipia izanik ere, harremana, elkartasuna eta irudimena lantzen dituen espazio batek?

 
Euskal Irratiek grabaturik.
  • Anize Madariaga — lemazain
  • Festibalaren artistak, festibalaren oraiko zuzendaritza,kulturgile, pentsalari, lagunak — arraunlari