Joan eduki nagusira
30. orroa : artxipelago kreolen izarren pean© François Corneloup

30. orroa : artxipelago kreolen izarren pean

LR · 00:00 · ATHARRI - OIHAL-ETXEA

Errobiko hogeita hamargarren Festibala jadanik bururatzen ari da! Etorri da garaia, txingar alai horiena! Makila goriz jo larruak tenkatu dituzten txingarrak, eta ilargiari buruz altxatu kobreak suz piztu dituztenak.
Atharrin ari gira, eta munduarekin pentsatzen dugu.
Brasilgo Nordeste sakonetarik igaiten dira Fawzi Berger-ek moldatu perkusioak: taupada zaharrak, pultsazio jatorrizkoak eta afro-ondokoak, izarrei kantatu kantuak, bizidunak biltzeko deiak. Lurra gorria da.
Raphaël Quenehen-en kobreak airea urratzen dute harraparien gisara, eta ufatzen dute: belak oro zabalik! Paxkal Indo-ren suek, berriz, pasabideak irekitzen dituzte gauaren, izarren eta ilargiaren artean.
Erdian aitzina doa “caboclo de lança” misteriotsua, Brasilgo herri-inauterietako irudi mitikoa. Irudimen kreolizatuen zaindari koloretsua da, sakratuak herrikoiarekin dantza egiten duen mundu horietakoa. Haren inguruan, festibaleko artistak jostatzen eta itzulikatzen dira: ahotsak, kantuak, berriz aurkitu dantza-pausoak, gau batez hetsi gaituzten murruak eta kateak hausten dituen zoramen alai batean.
Hor zarete zuek, hor gira gu, eta noizbait amestu, kantatu, dantzatu duten guziak. Zeren parada hau ez baita desfile soil bat. Zeharkaldi bat da, utopia bat, danborren erritmoan eta sustraituriko hats kreolen erritmoan taupaka ari dena.
Hogeita hamar urte iragan dira jadanik, eta beti hor dugu argiaren behar bera, ideia kolonizatzaileen aitzinean men egin nahi ez duen ahizpatasunaren behar bera. Zeharkaldi hau eskaintza bat da, gauaren edertasunari eskainia, Errobiko Festibala noizbait asmatu zutenei, hil direnei, bizi direnei, eta amestu genuen ibilaldi hau segituko duten guziei.

  • Fawzi Berger — perkusioak
  • Raphaël Quenehen — kobreak
  • Paxkal Indo — suak
  • Ikastaldietako musikariak eta dantzariak