© Amit Jung KCSOLASALDIA – HIRUGARREN GELDIALDIA
“Sortzea erresistitzea da, erresistitzea sortzea da” – Zer ortzimuga Errobiko Festibalarentzat ?
2021ean, Maite Achiary-Etchemendy, gure lehendakari historikoa, joan zitzaigun.
Harekin batera ez dira desagertu, haatik, urte luzez Errobiko Festibalaren baitan erein izan diren galderak, ametsak eta engaiamenduak. Arteez eta kulturaz bezainbat, munduaz eta gizarteaz axolatua zen Maite. Betiko feminista zen, eta hari zor diogu oholtzaren gainean emazteen presentzia eta hitza hastapenetik festibalaren bihotzean ezarri izana. Gaur egun, ondare hori festibalaren nortasunaren parte da.
Gure ondareak ez dira soilik artistikoak. Badira hizkuntzek utzitako aztarnak, pentsamenduek irekitako bideak, topaketek sortutako adiskidantzak. Badira urte hauetan gurutzatu ditugun ahotsak eta bazterrak ere.
Horien artean, Édouard Glissant-ekin izandako topaketak argi berezi bat ekarri zigun. Harremanaren indarraz mintzatu zitzaigun; erroak eta nortasuna galdu gabe mundura zabaltzeko moduez; eta elkarren beharrean diren uhartez osatutako mundu bat ehuntzeko beharraz.
« Sortzea erresistitzea da. Erresistitzea sortzea da. »
Stéphane Hessel
Gaur, aldiz, haize beltzaren hotsa entzuten da. Nortasunaren izenean, bazterketak hasten dira eta harresiak altxatzen; herra hedatzen da; kulturak eta hizkuntzak ahultzen dira; biodibertsitatea eta bizidunak desagertzen ari dira. Mundua gero eta gehiago uniformizaziora eta merkatuaren neurrira moldatzera doala dirudi. Eta artea bera ere, batzuentzat, tresna bilakatu beharko litzateke: meneko, otzan, erabilgarri.
Testuinguru honetan, galderak pausatzen ditugu, ortzimugari so: zer gero festibal horrentzat? Eta zergatik festibal bat? Zergatik halako engaiamendu bat? Zein da artisten ardura gizartean, eta zein forma artistiko garatu beharko genituzke? Zein indar izan dezake oraindik, hain ttipia izanik ere, harremana, elkartasuna eta irudimena lantzen dituen espazio batek?
Lemazain: Ainize Madariaga
Arraunlari: festibalaren artistak, festibalaren oraingo zuzendaritza, kulturgileak, pentsalariak eta lagunak.